Instalakuntzaren eraikuntza

Antzizargo kirol-gunea, Loinatz udal futbol zelaiaren ondoan sortua, 1984ko urriaren 27an inauguratu zen, nahiz eta aurreko urtean bukatutzat eman eraikuntza. 4.000 metro karratu baino gehiagoko azalerarekin, azpiegitura berriak Beasaingo kirolarien aspaldiko nahia bete zuen.

Arauzko frontoia, kirol anitzeko pista, igerian ikasteko igerilekua, gimnasioa, proiekzio-aretoa, eta aldagela zabalak eta erosoak zituen. Horri guztiari kanpoko urbanizazioa gehitu zitzaion.

Berritzea eta handitzea

1998. urtean, Udalak kanpoko igerilekuen egoera kaxkarra eta barrukoa txiki geratu zela tarteko, igerileku berri bat egiteko ideia mamitzen hasi zen. 

Ideia lantzen hasi orduko, herritarren artean, kirola, osasuna eta jolasa ulertzeko era ere aldatzen zihoala ohartuta, uraren gune egokia sortuz, hiru ardatz horiek lotuko zituen ideia aurrera eraman zen. Hausnarketa horren emaitza da 2006an hasi ziren handitze lanak eta 2009az geroztik dauden egungo instalakuntzak.